6.2. Nola hautatu objektuak

6.2.1. Oinarrizko hautapena

Objektu bat hautatzeko modu oinarrizkoena bertan klik egitea da.

Objektua hautatuta dagoenean, inguruan puntu berde batzuk dituela azalduko da.

Puntu berdeak agertzen direnean, has zaitezke objektua manipulatzen. Amaitzen duzunean, diagramako leku huts batean klik egin dezakezu objektua desautatzeko. Puntu berdeak desagertu egingo dira, eta beste objektu bat hautatzeko moduan egongo zara.

6.2.2. Hautapen anizkoitza

Aldi berean objektu bat baino gehiago hautatzeko modurik errazena, diagramako leku huts batean ezkerreko sagu-botoiaz klik egin eta, askatu gabe, sagua arrastatzea da. Horrela laukizuzen bat marraztuko da Oihalean. Area horretan dauden objektu guztiak hautatuta geratuko dira sagu-botoia askatzean.

Beste modu bat, Maius tekla sakatuta edukiz objektuetan banan-banan klik egitea da.

Hautapena egindakoan, hautatako objektu guztiek puntu berdeak izango dituzte inguruan (goian azaldu den bezala).

Hautapen anizkoitza praktikoa da eragiketa bera egin nahi denean hainbat objekturekin, eta banan-banan egiten denborarik galdu nahi ez denean.

Hautatuta daudenean, talde gisa funtzionatzen dute objektuek. Horrek esan nahi du, objektuetako bat arrastatzen baduzu, talde osoa arrastatuko duzula. Gauza bera gertatuko da horietako bat ezabatzen saiatzen bazara: talde osoa ezabatuko duzu diagramatik.

Diagramako leku huts batean klik egiten baduzu, edo beste geruza batera aldatzen bazara, hautapena galduko duzu. Bestalde, hautapenean objektu gehiago sartu nahi badituzu, sakatu Maius tekla eta joan klik eginez gehitu nahi dituzun objektuetan.

[Oharra]

Diagramako objektu batzuk hautatuta dituzunean, horietako baten tamaina alda dezakezu gainerakoen tamaina edo posizioa aldatu gabe. Nola egiten den ikusteko, irakurri Objektuei tamaina aldatzeari buruzko atala.

6.2.3. Objektuak hautatzeko beste modu batzuk

Ondoren azaltzen dira objektuak hautatzeko beste modu batzuk. Denak Laster-menu nagusian daude, Hautatu menuan:

Objektu guztiak hautatzeko

Hautatu Denak aukera, uneko geruzan dauden objektu guztiak hautatuko dira, eskuz egingo zenukeen moduan.

Aukera hau erosoa da diagramak objektu asko dituenerako, ez baituzu denborarik galdu behar denak banan-banan hautatzen.

Objektu guztiak desautatzeko

Hautatu Bat ere ez aukera, eta hautatuta zeuden objektu guztiak desautatuta geratuko dira. Gauza bera lortuko duzu diagramako leku huts batean klik eginda ere.

Objektuak desautatu ondoren, ezingo duzu eragiketarik egin objektu horiekin. Eragiketak egiteko, berriro hautatu beharko dituzu

[Iradokizuna]

Zenbaitetan hautapen iraunkorrak egitea komeniko zaizu. Horretarako, talde arbitrario bat sor dezakezu hautatutako objektuekin, edo denak batera ebaki eta geruza berri batean itsatsi.

Hautapena alderantzikatzeko

Demagun hamar elementu dituzula diagraman eta zortzi hautatu nahi dituzula. Zortzi horiek hautatzeko, Hautatu menuko Alderantzikatu aukera erabil dezakezu.

Hauta itzazu eskuz hautapenetik kanpo utzi nahi dituzun bi elementuak, aukeratu Alderantzikatu aukera, eta beste zortziak hautatuta geratuko dira.

[Iradokizuna]

Gauza bera egiteko beste modu bat, elementu Denak hautatu (goian azaldu da nola egin), Maius tekla sakatu, eta kanpoan utzi nahi diren biak banaka desautatzea da.

[Oharra]

Uneko geruzan dauden objektuak bakarrik hauta daitezke. Objektu bat ezin baduzu hautatu, beste geruza batean egongo da seguru asko. Geruza batetik bestera nola joan zaitezkeen edo geruzak nola manipulatzen diren ikusteko, irakurri Geruzak kudeatzeari buruzko atala.

6.2.4. Konektatutako objektuak hautatzea

Dia-k eskaintzen duen baliabide benetan ahaltsu eta praktiko bat objektuen arteko konexioak maneiatzeko aukera da.

Gauza askotarako erabil daitezke Dia-ko konexioak. Lehenik, bi objekturen arteko zuzeneko erlazioa espresuki zehazteko.

Bigarren, ezarritako arauen araberako portaera duten objektuak errazago kudeatzeko eta klik gutxi batzuekin atzitzeko.

Objektu jakin batekin konektatutako objektuak hautatzea oso erraza da: hautatu objektu jakin hori, egin klik eskuineko botoiaz Oihalean Laster-menu nagusia bistaratzeko, eta egin klik HautatuKonektatuak botoian.

Objektu horrek konektatutakorik ez badu, ez du ezer egingo. Bestela, konektatutako objektu guztiak magikoki hautatuko dira eta aldi baterako hautatutako objektu-talde bat osatuko dute.

[Oharra]

Gauza bera berriro egiten baduzu, talde berriari konektatutako objektu guztiak hautapenean gehituko dira.

Eragiketa berriro egin dezakezu, harik eta elkarrekin konektatutako objektu guztiak hautatu arte.

6.2.5. Objektu iragankorrak hautatzea

Goian erakutsitako teknika baliagarria da konektatutako objektu gutxi hautatu nahi direnerako.

Baina batzuetan elkarrekin konektatutako objektu asko batera hautatu nahi izango dituzu. Eta objektuak urratsez urrats hautatze hori ez da praktikoa.

Horregatik eskaintzen du Dia-k urrats horiek denak batera egiteko aukera.

Horretarako, hautatu erroko objektua, egin klik eskuin-botoiaz Oihalean Laster-menu nagusia ager dadin, eta sakatu HautatuIragankorra botoia, Konektatuak aukeratu beharrean.

Eta hori da dena; hautatu duzun erroko objektuarekin konektatutako objektu guztiak hautatuta egongo dira orain, manipulatzeko prest, nahi dituzun eragiketa guztiak egin ditzazun.

6.2.6. Mota bereko objektuak hautatzea

Dia-k truku batzuk eskaintzen ditu mota bereko objektuak hautatu ahal izateko.

Edozein arrazoirengatik mota bereko objektuak hautatu behar badituzu (Laukizuzen guztiak, Marrak, Forma pertsonalizatu batekoak) aski duzu mota horretako objektu bat hautatzea, eta gero Laster-menu nagusia ireki eta HautatuMota berekoak botoia sakatzea.

Automatikoki hautatuko dira hasieran hautatu duzun objektuaren mota bereko objektu guztiak. Uneko geruzan dauden objektuak bakarrik hautatuko dira.